M

GizaArtea UPV/EHUk finkatutako taldea da, eta UPV/EHUko Arte Ederren eta Letren Fakultateari atxikitako ikertzaileek eta filiazio akademikoa duten edo ez duten artistek osatzen dute.

Taldeak diziplina anitzeko eta zeharkako azterketa bat planteatzen du, arteak sortutako ezagutzan sakontzeko eta ezagutza hori gizarteari transferitzeko. Era berean, gizartearen baitan artearen existitzeko modu desberdinak proposatzen ari diren formatu eta plataforma berriak aztertzea proposatzen da. Horri lotuta, bitartekaritza-dispositiboek betetzen duten funtzioa aztertu nahi da, hala nola komisariotza eta kritika, eredu horiek sustatu, sortu edo iraultzeko orduan. Horrela, jarduera artistikoak praktika eta ikerketa gisa zer dakarren nabarmendu nahi dugu, irudimenak sortzeko duen gaitasunagatik, izateko eta pentsatzeko beste modu batzuk esploratzeko duen ahalmenagatik eta subjektibotasunak eraikitzeko duen garrantziagatik.

 

Hiru ikerketa-ildo nagusi proposatzen ditugu, eta hortik hainbat adar ondorioztatzen dira. Ildo horietako lehena, Artea/Lana/Enplegua/Erresistentziak, artisten jarduera profesionalari eta haien egoera sozioekonomiko-laboralari buruzkoa da. Bigarren lerroak, artea eta teknologia, artearen eta teknologiaren arteko erlazio eta elkargune ugari aipatzen ditu, teknologiaren nozioa bere gain hartzen dutenak, bere dimentsio materiala eta dimentsio sinbolikoa kontuan hartuta. Hirugarren ikerketa-ildoa artearen alderdi diskurtsiboez eta mundu garaikidearen barruan hartzen dituen formez arduratzen da, komisariotza edo beste bitartekaritza-modu batzuk kasu.

Gainera, ikuspegi feministek lanerako ardatz nagusi gisa duten garrantzia nabarmentzen dugu, baina baita diskurtso garaikide garrantzitsuenen etengabeko eguneratzea, mobilizazio sozial eta artistikorako azaleratzen ari diren moduen azterketa eta ikuspegi teoriko eta analitiko arriskutsu eta ezberdin/ezohikoen nagusitasuna ere, Artearen eta Artearen Historiaren esparruetarako.